EUROPAKO
ABESBATZA KANTU
SARI NAGUSIA
Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia (E.S.N.) Nazioarteko Abesbatza Lehiaketek antolatzen duten lehiaketa bat da:
Lehiaketa hauetako irabazle absolutuek hurrengo urtean “Lehiaketen Lehiaketan” parte hartzen dute eta hau txandaka ospatzen da Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusiko Elkarteko kide diren hirietako batean. Data lehiaketa antolatzen duenak erabakitzen du.
Lehiaketa honetako nazio antolatzaile bakoitzeko musika munduko pertsona ospetsuek osatuko dute Epaimahaia.
PARTEHARTZAILEAK
Batavia Madrigal Singers Indonesiako koru misto onenetakoa da. Prestigiozko lehiaketetan sari gehien lortu dituen Indonesiako abesbatza da. Ongi prestatutako eta trebatutako abeslariez osatua, hainbat genero, estilo eta zailtasun mailetako lan koralak interpretatu ditzake. Askotariko musika bildu dute beren errepertorioan: klasikoa nahiz herri-musika, barrokoa nahiz modernoa eta garaikidea, sekularra nahiz erlijiozkoa, baita Indonesiako herri-abesti tradizionalak ere, koreografia apartarekin. 1996an sortua, gaur egun Yakartako abeslari amateurrez osatzen da taldea. Adin, jatorri etniko, lanbide eta erlijio desberdinak dituzte. Korukide guztiak kontu handiz hautatu ziren, lehiazko entzunaldien bitartez. Hasieratik Avip Priatna izan da abesbatzaren zuzendaria. Bere aparteko talentu musikalaren, eskarmentuaren eta gidaritza sendoaren bitartez, Avipek bikaintasun artistikoko maila goreneraino eraman du korua. 2011n historia egin zuten Torreviejan, Habaneren eta Polifoniako Nazioarteko 57. Lehiaketan bost sari irabazita. 1954tik egiten den lehiaketa horretan koru batek inoiz emandako saiorik onena izan zen. Hurrengo urtean Sari Nagusia lortu zuten Varnan (Bulgaria); horri esker, 2013an Kantu Koraleko Europako Sari Nagusian parte hartzeko aukera izan zuten, 2012ko beste Grand Prix irabazleen aurka. Lorpen zeharo nabarmena izan zen; izan ere, Kantu Koraleko Europako Sari Nagusian lehiatu den Indonesiako lehen korua izan da, eta bakarra. 2015ean Marktoberdorfeko (Alemania) Ganbera Koruen Nazioarteko Lehiaketan parte hartu, eta hirugarren saria irabazi zuen.
Frantziako Gazte Abesbatza Nazionala 1999an sortu zuen «À Coeur Joie» Elkarte Nazionalak. Hogeita hamar abeslariz dago osatua; 18 eta 30 urte artean dituzte; eta banan-banako entzunaldi bidez errekrutatzen dituzte, haien ahots-gaitasun eta trebetasun artistikoengatik. Abesbatzako kide bakoitza hiru urteko aldi baterako konpromisoa hartzen du.
Abesbatzak zortzi egunez entseatzen du udako denboraldian, eta lehen kontzertua emanez ematen diote amaiera entseguari; horrez gain, urtean sei astebetean ere egiten dituzte entseguak, eta kontzertua emanez amaitzen dute bakoitza. Asteburu batzuetan abesbatzaren buruekin eta kantu-irakasleekin bilduta dihardute lanean; beste batzuetan, saioek eskola magistralen moldea hartzen dute.
Abesbatzaren helburua da abeslari gazteak maisu eta abeslari onenekin lanean treba daitezela, eta errepertorio berriak aurkitzeko aukera ematea, bereziki, musika garaikideari dagokionez. Zuzendariek hiru urtez hartzen dute abesbatza gidatzeko ardura; gaur egun, Filippo Maria Bressan italiarrak betetzen du zeregin hori, eta Agnès Brosset frantsesak laguntzen dio ahots-teknikan. Aurrez, Régine Théodoresco, Fred Sjöberg (Suedia), Valérie Fayet, Jean-Marie Puissant eta Antoine Dubois (Frantzia) aritu dira eginkizun horretan. Abesbatzak bira zabalak egin ditu Frantzian barrena, baita atzerrian ere (Belgika, Herbehereak, Hungaria, Italia, Txina, Suedia, Alemania). Halaber, Sari Nagusi bana lortu du Arezzon (2007) eta Toursen (2016).
Letoniako kultura-akademiako “Sōla” abesbatza 1998an sortu zuten. Abesbatzaren zuzendari artistikoa Kaspars Ādamsons da; Laura Štoma eta Artūrs Oskars Mitrevics zuzendariekin batera dihardu lanean, baita Saiva Treide ahots-trebatzailearekin ere. “Sōla” abesbatzaren biografiako kontzertuek era askotako genero eta estilotako programak hartzen dituzte barne. Horrez gain, beste abeslari talde batzuekin lankidetzan aritu dira hainbat proiektu musikal eta sozialetan. “Sōla” abesbatzak maiz parte hartzen du abesbatza-lehiaketa eta -jaialdietan, dela Letonian, dela atzerrian; hala, Letoniako mugez harago sustatzen dute beren herrialdeko koru-tradizio aberatsa. Nazioko zein nazioarteko abesbatza-lehiaketetan ohore eta sari ugari eskuratzeaz gain, hainbat disko-grabazio argitaratu ditu “Sōla”-k, eta 2015ean Letoniako 2014ko Musika Saria jasotzeko izendatu zuten Ahots eta Abesbatza Album onenaren kategorian.
Andrea O. Veneración irakasleak 1963. urtean sortu zuen The Philippine Madrigal Singers abesbatza. Ordutik, mundu osoko koru prestigiotsuenetakoa izan da, entzute oneneko abesbatza-lehiaketa gehienetan irabazi ditu-eta lehen sariak: Arezzo eta Gorizia Italian, Marktoberdorf Alemanian, Spittal Austrian, Neuchatel Suitzan, Tours Frantzian, Varna Bulgarian, Debrechen Hungarian, eta Cantonigròs, Tolosa eta Torrevieja Espainian. Horrez gainera, berea da Kantu Koraleko Europako Sari Nagusia bitan irabazi duen lehen korua izatearen ohorea (1997 eta 2007).
Gaur egun, Mark Anthony Carpioren zuzendaritzapean, taldeak hainbat estilo eta moldetako errepertorio zabala interpretatzen jarraitzen du: Errenazimenduko musika, musika klasikoa, Filipinetako zein nazioarteko abesti folklorikoak, musika garaikidea nahiz abangoardiakoa, opera, eta are herri-musika. Madrigalak interpretatzen espezializatu dira, eta ikuspegi horretan oinarritu da koruak abesteko duen modu paregabea: zirkulu erdi batean eserita, eta zuzendaririk gabe.
«Vesna» (udaberria) haur-abesbatza «Vesna» haur-abesbatzen eskolako senior abesbatza da. Eskolak berrogeita hamar urte bete zituen 2015ean. Hezkuntzarako eta sormenerako ikastetxe berdingabea da, Alexander Ponomaryov maisu bikainak (1938-2012) sortua. 2012tik, haren ikasle izandako Nadezhda Averinak zuzentzen du abesbatza. Moskuko Txaikovski Kontserbatorioko irakaslea bera, nazioarteko hainbat lehiaketa irabazi ditu halaber.
«Vesna» haur-abesbatzak mundu osoan lortu du errekonozimendua; izan ere, munduko koru-lehiaketa prestigiotsuenetan saritu izan dute: Bulgarian, Hungarian, Espainian, Italian, Kanadan eta Frantzian. 2000. urtean, abesbatzak Sari Nagusia irabazi zuen Tolosan, Kantu Koraleko Europako Sari Nagusiaren 12. lehiaketan. Hona hemen abesbatzak irabazitako azken sariak: 1. saria eta sari nagusia Tolosan (Espainia, 2006), sari nagusia Nyiregyhaszan (Hungaria, 2010), 1. saria eta sari nagusia Malcesinen (Italia, 2012), 1. saria Belgikako abesbatza-lehiaketan (2014) eta Alemaniako nazioarteko Händel abesbatza-jaialdi eta -lehiaketan; guztiak Nadezhda Averinaren zuzendaritzapean.
Koroaren errepertorioa zabala eta askotarikoa da. Azken urteotan, ehunka musika-lan abestu dituzte, klasikoak nahiz modernoak, eta hainbat garai, nazio, estilo eta generokoak.
Horrez gain, 13 disko grabatu dituzte, baita irrati eta telebistako hainbat programa ere.
EPAHIMAHAIA
Javier Busto
Euskadi
Hondarribian jaio zen, 1949an. Valladolideko Unibertsitatean Medizina eta Kirurgian lizentziatu zen. Koru-musikan Erwin List maisuarekin hasi zen. 1971tik 1976ra bitartean, Valladolideko Coro Ederki abesbatza zuzendu zuen (ikasle euskaldunez osatua). 1978tik 1994ra bitartean, Hondarribiko Eskifaia Abesbatza sortu eta zuzendu zuen. 1995etik 2007ra bitartean Gipuzkoako Kanta Kantemus korua sortu eta zuzendu zuen. 2014an Aqua Lauda Korua sortu zuen eta bera da geroztik zuzendaria. Hainbat sari jaso ditu lau abesbatzekin lehiaketa hauetan: Avilés, Ejea de los Caballeros, Tolosa, Tours (Frantzia), Gorizia (Italia), Mainhaus eta Marktoberdorf (Alemania) eta Spittal an der Drau (Austria). Abesbatzarako idatzi dituen musika-lanak Alemanian, AEBn, Frantzian, Japonian, Erresuma Batuan, Suedian eta Euskadin argitaratu dira. 1999an, Hiriaren Urrezko Intsignia jaso zuen bere sorterrian, Hondarribian; 2012an, aldiz, Donostiako Orfeoia UPV-EHU Saria eman zioten. Amerika, Asia eta Europatik maíz gonbidatzen dute epaimahai edo irakasle lanak egitera. Bere azken lanak 11. Abesbatza Kantuaren Mundu Sinposioan estreinatu dira Bartzelonan, 2017an.
Stephen Connolly
Erresuma Batua
Urte luzez, Stephen Connollyk baxu gisa abestu eta zuzendarikide lanetan jardun zuen mundu osoan ezaguna den The King’s Singers ahots taldean. Mende laurdenez ia, 120 kontzertu eman zituen urteko, eta sarritan agertu zen hala irratian nola telebistan; horrez gain, disko ugari grabatu zituen EMI, BMG Records, Signum Records eta Sony etxeekin –baita hiru Grammy izendapen eta Grammy sari bat irabazi ere–. Duela gutxiago, Stephen lehiaketako epaimahaikide izan da eta abesbatza-lantegi ugari irakatsi ditu. 2008an, abeslari eta abesbatzentzat egonaldiak eskaintzen dituen A Cappella Nazioarteko Eskola sortu zuen Stephenek. 2010ean, Cheltenham Ladies’ College ikastetxeko ahots-ikasketen buru izendatu zuten. Gloucestershiren bizi da.
Georg Grün
Alemania
Kammerchor Saarbrücken izeneko abesbatzaren zuzendari artistikoa izan da, taldea sortu zenetik (1990). Haiekin, nazio-mailako zein nazioarteko lehiaketa garrantzitsuenak irabazi ditu; adibidez, Tolosakoa. 2000tik 2012ra bitartean koru-zuzendaritzako irakaslea izan zen Mannheimeko Goi Mailako Musika Eskolan. 2012az geroztik, Hochschule für Musik Saar goi-mailako musika-eskolako irakaslea da.
Gonbidatutako zuzendari, epaile eta koru-zuzendaritzako eskola magistraletako irakasle jardun ohi du, dela nazio-mailan, dela nazioartekoan. Azken urteotan, Stockholmen, Helsinkin eta Triesten aritu da gonbidatutako irakasle-lanetan. Laster, nazioarteko epaimahaiaren buru izango da Marktoberdorfeko ganbera-koruen nazioarteko lehiaketan (Bavaria, Alemania).
Stojan Kuret
Eslovenia
Triesten jaioa (Italia). Ljubljanako Unibertsitateko Musika Akademian graduatu zen, eta pianoko titulua ere eskuratu zuen, Triesteko Giuseppe Tartini kontserbatorioan hain zuzen; 1983z geroztik, hortxe dabil irakasle. Hamar urtez Ljubljanako Unibertsitateko APZ Tone Tomšič abesbatzaren zuzendari artistikoa izan zen. Abesbatza horrekin eta Vokalna akademija Ljubljanarekin nazioarteko sari artistiko ugari lortu zituen (bost sari nagusi –Tours 1999, Varna 2001, Gorizia 2001, Maribor 2002, Arezzo 2009–, hirutan finalista eta bitan irabazle Kantu Koraleko Europako Sari Nagusian –2002an Arezzon eta 2010ean Varnan–). 1984an Gallus Saria irabazi zuen musikaren alorrean izandako arrakastei esker, eta Ljubljana hiriko domina eman zioten, halaber, APZ Tone Tomšič abesbatzaren zuzendaritza artistikoarengatik. Bi urtez RTV Eslovenia ganbera-abesbatzaren zuzendari izan zen (irrati eta telebistako abesbatza nazionala). Bi urtez ere, 2007ko urtarriletik aurrera, Italiako Gazte Abesbatzaren zuzendari izan zen. 2011ko irailean Guidoneum Sari prestigiotsua irabazi zuen, Vokalna akademija Ljubljanarekin egindako lan arrakasta eta sormen handikoari esker. 2012an Prešeren Saria jaso zuen; hots, Esloveniako kultur alorreko ohore nazional handiena.
Bengt Ollén
Suedia
Gösta Ohlin eta Gunnar Erikssonen gainbegiradapean trebatu zen, Göteborgeko Musika eta Drama Akademian. Ondoren orkestra-zuzendaritza ikasi zuen, Lennart Hedvall, Jorma Panula, Robert Reynolds eta Everett Lee zituela irakasle. Bengt Ollèn Sofia Vokalensemble taldearen sortzaile eta zuzendaria da. 1995etik, grina handiz eta gogo bizi eta amaigabez gidatzen du abesbatza; hala, maila artistiko gorenetaraino eraman du. Bengten ikuspegia “notez harago doan” musika sortzean datza. Haren aburuz, musikak entzulea hunkitu ere egin behar du. Beraz, abeslari bakoitzaren konpromisoa funtsezkoa da musikaren progresiorako; musikak arrakasta izateko, guzti-guztiek hartu behar dute parte, eta horixe du bere sinesmen musikala.
Halaber, Södra Dalarnas ganbera-orkestraren sortzaile eta zuzendari da Bengt. Urtero, “Musik vid Siljan” jaialdian parte hartzen du orkestrak.
Bengtek sarri parte hartzen du epaimahaikide gisa lehiaketetan, baita maisu gonbidatu eta zuzendari gisa ere, nazio-mailan zein nazioartean, hainbat jaialdi, tailer eta kontzertutan. 1994az geroztik abesbatzako irakasle dihardu mundu osoan ezaguna den Stockholm Musikgyumnasium eskolan. Bere abesbatzekin, arrakasta handia bildu du mundu osoko abesbatza-lehiaketetan.
Ko Matsushita
Japonia
1962an Tokion jaioa. Kunitachi College of Music eskolan lortu zuen konposizio-gradua, eta Hungariako Kodály Institutuan, aldiz, koru-zuzendaritzakoa. Konpositore gisa, Japonian eta mundu osoan interpretatzen dira haren lanak. Zuzendari gisa, hainbat abesbatza gidatzen du Tokioko metropolian, eta Nazioarteko Abesbatza Lehiaketetan sari ugari irabazi ditu haiekin.
2005ean, Musika Koralaren “Robert Edler Prize” saria jasotzen zuen lehen asiarra izan zen.
Alexander Vatsek
Ukrainia
Koruko eta orkestrako zuzendaria, ahots-irakaslea, nazioarteko hainbat epaimahaitako kidea, koru-aholkularia, hizlaria eta moldatzailea. Oreya eta Gaudeamos Brno abesbatzak sortu zituen (1996) eta 10 sari nagusi eta 37 lehen sari lortu ditu haiekin. Ukrainako ohorezko artista izendatu dute eta I. Ohiyenko Saria eskuratu du. Mundu osoan eman ditu musika koralari buruzko mintegiak eta tailerrak, eta Frantzian, Alemanian, Errumanian, Ukrainian eta Txekiar Errepublikan zuzendu ditu proiektu sinfonikoak. World Choir Games lehiaketako epaimahaikide aritu da, Busan (Hegoaldeko Korea), Bremen (Alemania), Xiamin (Txina) eta Wernigeroden (Alemania). Horiez gain, baita Tolosa (Espainia), Marktoberdorf (Alemania), Maribor (Eslovenia), Riva del Garda (Italia), Artek (Ukraina), Tallin (Estonia) eta Bergenen (Norvegia) ere. Orobat, Txekiar Errepublikako koru-aholkulari izan da (2002-2006).
EUROPAKO SARI NAGUSIA
SARE SOZIALETAN
BABESLEAK
LAGUNTZAILE BEREZIAK
LAGUNTZAILEAK
Agua de Insalus
Colegio Hirukide Jesuitinak
Convento de Santa Clara
Distribuciones Mendieta
Euskalherriko Abesbatzen Elkartea
Harizpe
Iglesia de los Franciscanos
Industrias Borobil
Kaiz Lorategia
Sociedades Populares de Tolosa
Udaberri Dantza Taldea