%95,20ko puntuazio oso altuarekin, Letoniako Mixed Choir of Riga Cathedral Choir Schoolek ez du aurkaririk izan inongo kategoriatan. Letoniako abesbatza honek bost garaikur eraman ditu bere herrialdera. Horien artean garrantzitsuena, Kutxa Sari Nagusia eta Europako Abesbatza Kantuaren Sari Nagusirako izendapena, non datorren urtean Europako lehiaketa onenetan irabazle suertatu diren abesbatzek parte hartuko duten. Publikoaren Saria eta Euskal abesti baten interpretazio onenaren saria ere berak irabazi du.
Lor zitekeenaren gaineko puntuazio historiko batekin, aurkari guztien oso gainetik, letoniarrek perfekzioa marratu dute. Ganbera Abesbatzen Polifonia atalean lehen saria irabazi dute, atzetik Storkyrkans Chamber Choir suediarrak eta Mikrokosmos taldeko frantziarrak hirugarren izan dira. Folklore modalitatean polifoniako ordena bera errepikatu da, letoniarrak lehenengo, suediarrak bigarren eta frantziarrak hirugarren geratu direlarik.
Haur Abesbatzek ere paper bikaina egin dute edizio honetan eta lehen postuan Indonesiako The Resonanz Children’s Choir geratu da lehiaketako bigarren puntuazio altuenarekin (%93,6), bigarren postuan World Vision Korea Children’s Choir korearrak eta hirugarren postuan Children’s Choir Lielvarde letoniarrak.
Itxiera ekitaldia Antxon Eloseguiren oroimenari eskaini zitzaion, joan den ekainean zendu baitzen, CIT erakunde antolatzailearen sortzailea eta abesbatzen lehiaketaren egile nagusienetako bat.
Tolosako lehiaketa Europako abesbatza lehiaketa onenen zirkuituan sartzen da: Varna (Bulgaria), Jurmala (Letonia), Maribor (Eslovenia), Debrecen (Hungaria), Arezzo (Italia) eta Tolosa. Lehiaketa horietako irabazleak hurrengo urtean Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusian, koralitate unibertsalaren gailurrean lehiatzen dira, aipatutako hiri bakoitzean txandaka egiten dena. Tolosak seigarren aldiz antolatuko du datorren urtean, 1994, 2000, 2006, 2011 eta 2017ko edizioen ostean. 2025eko urriaren 26an izango da, eta han izango da Rigako abesbatza letoniarra.